lunes, 6 de mayo de 2013

Gazteria eta drogak

Gizarteak aurrera egin duen heinean, hobekuntzak izan dira zentzu askotan. Teknologia berriak, medikuntzako aurkikuntza berriak... Kutur arloan ere aurreratuagoak gaude. Asko aldatu da ere duela mende erdi zegoen harremanetarako modua oraingoarekin konparatuta. Batez ere heldu eta gazteen artean. Lehen bazeuden tabu ziren hainbat eta hainbat gai. Gurasoekin ez zen horietaz hitz egiten, beraz ez zegoen horri buruzko informazio askorik beraientzat, eta beharrezko adina izan arte ez zuten jakiten gai horiei buruz. Esan beharra dago, erlijioaren eragina ere asko gutxitu dela, eta horrek zerikusi handia dauka honekin guztiarekin. Erlijioak arau eta balio batzuk ditu ezarrita, eta lehen eragin handia zuenez kasu egiten zitzaien, bete egiten zen elizak zioena.

Orain dena da ezberdina, gazteak txikitatik dakigu sexua, alkohola, drogak eta abar luze bati buruz. Gainera eskura ditugun gauzak dira, eta lehen txarto ikusia zegoena, egun ez hainbeste. Gaur, antisorgailuak esistitzen direnetik, sexu harremanak izatea askozaz errazagoa da. Alkohola ere oso eskuragarri dago eta denda jakin batzuetan, adinekoak ez direnei ere saltzen zaie. Gazteek mozkortuak edo "happy" egotearen sentsazioa izugarri gustuko dute eta beraz, aukera aprobetxatu baino ez dute. Eta behingoz gaian zentratuz, drogak ditugu. Drogen kasuak, alkoholarekiko antzekotasuna du. Gazteengandik oso eskura daude, eta gainera, momentua bizitzea gustuko dutenez, oso egokiak dira. Esan bezala, gazteek gustuko dute zirrarak bizitzea, momentu alai eta ahaztezinak igarotzea. Drogak lagun ona da horretarako. Gainera ez da legala drogak hartzea, eta horrek jokoa dibertigarriagoa bilakatzen du. Baina ez dira, sekula, drogen eragin txarretan pentsatzen jartzen. Egin nahi duten bakarra, dibertitzea da, eta horretarako aukera arriskutsuenetarikoa hautatzen dute.

Drogak baten edo bitan hartzeko ez daude gaizki, ez da ezer gertatzen, baina probatzea baino ez da. Beste gauza oso ezberdina, egunero hartzera behartu egotea da, gure errutinaren parte izatea. Asko eta asko dira txarto bukatu duten gazteak, eta dena jolastxo batekin hasita. Gutxika hasten dira jaietan bakarrik hartzen, gero asko gustatu zaienez, egunero hartzera pasatzen dira. Konturatu direnerako, jada ezin diote drogak hartzeari utzi, droga-menpekoak bihurtu dira. Azkar uzten ez bada, bizitza zapuzten du, eta ez dago atzera bueltarik.

Ikus dezakegunez, munduan aurrera pausu handiak eman dira hainbat arlotan, baina arazoak ere jarri ditu horrek.

Gutuna

Amorebietan, 2013ko martxoaren 8an






Zuzendari jauna:

Gutun honen bidez jakinarazi nahi dizut gure musika taldeak tresneria gordetzerakoan dugun arazoa.

Gure taldeak astero entsaiatzen du Zelaieta Zentroko entseiu geletan inolako pega barik, baina arazoak bukatutakoan sortzen dira. Tresneria egunero eraman behar izaten dugu etxera, eta ez da bat ere erosoa. Gitarra eta anplifikagailuek asko pisatzen dute eta baten baino gehiagotan lesioak izatera heldu gara horrelako pisu handiekin kargatzeagatik. Lesio horiek taldea geldirik utzi dute maiz eta batzuetan denbora askoan. Laster lehiaketa batean jo beharra daukagu eta faena izango litzateke horrelako txikikeria batengatik aukera izugarri hori galtzea.

Arazo hori konpontzeko asko gustatuko litzaiguke, bertan garbitzaileentzat dagoen gelatxoa eskura izatea. Entseiatzeko baimena izan dugunetik hutsik egon da eta ez du inongo erabilerarik izan. Guri primeran etorriko litzaiguke, izan ere, oso leku egokian dago kokatua, entseiu geletatik hurbil, arin batean gorde ditzakegu instrumentuak inongo denborarik galdu gabe eta ez dago jende askoren bistan, lapurretak ekiditeko.

Eskaera kontuan hartuko duzulakoan, zure erantzunaren zain geratzen naiz, beste barik agurtzen zaitut.

Marta

Naturaren suntsiketa



Zer egin digu guri naturak? Zergatik tratatzen dugu gisa honetara? Natura suntsitzea gustuko dugula dirudi. Badakigu txarto jokatzen ari garela, baina nahiz eta konturatu, ez diogu jaramonik egin nahi gure inguruan gertatzen denari. Alde batera uzten dugu natura zaintzea, errazagoa iruditzen baitzaigu doan moduan uztea eta.

Oso urte gutxitan baso ederrak, belardi eta itsaso eta erreka garbiak izatetik, kutsaduraz betetako mundu batera egin dugu aldaketa. Atzean utzi ditugu lehen genituen paisai eder, liluragarri eta lirainak, izugarrizko hiri erraldoi, gris eta tristeak eraikitzeko. Horretarako, gupida gabe bota dira zuhaitzak, behar bada guk bizirauteko elementu garrantzitsuenetarikoak; basoak, hainbat animaliaren etxeak. Hau guztia, izakia errezago bizitzeko egin da, gainera. Arduratu gabe, hobeto bizitzeko natura suntsitzera heldu gara.

Hasiera batean, asmatzaile eta zientzialariek, hainbat aurkikuntza garrantzitsu egin zituzten gure bizitza erreztasunez aurrera eramateko, baina ez inola oraingoak bezain kaltegarriak. Asmatutako teknika zein tresnak bateragarriak ziren naturarekin eta ez ziren inolaz arriskutsuak. Gaur egungo gizartean badauzkagu pila bat aparailu behar-beharrezkoak ez direnak eta ez litzaiguke ezer gertatuko ez bagenitu, ez genituzke faltan botako.

Ikus dezakegunez, orain, begi bistakoak dira naturan gure asmakizunekin egindako kalteak. Produktu kimikoak ibaietara eta airera jariatzen dituzten fabrikak, basoak suntsitzen dituzten egiturak, eguneroko trafikoa, eta abar luze bat. Gainera, kaltetuak irteten gara honetatik, kutsaduragatik gaixotasunak pairatzen dira, zailagoa da lehen gaiak lortzea, bizitzeko beharrezkoak ditugun gaiak lortzea zailagoa da... Baina, ez gara gu kaltetuak irteten garen bakarrak, inguruko izaki bizidun guztiak arriskuan jartzen ditugu horrela. Horren ondorioz hainbat espezie galzorian daude.

Hau guztia konpontzen saiatzeko, badaude hainbat eta hainbat elkarte, baina ezinezkoa da beraien proiektuak aurrera eramatea, diru falta baitaukate eta jendeak nahiago duelako ondo eta erreztasunez bizi, apur bat laguntzea baino. Honek ez luke horrela jarraitu beharko eta aldaketaren bat egin beharko litzateke.

Beraz, argi dago prest gaudela natura suntsitzeko, guretzako hobekuntzak lortzeko. Dauzkagun baliabide guztiak xahutzen ari gara etorkizunean apur bat pentsatzen jarri gabe. Eta azkenengo tanta bukatu arte ez gara konturatuko zerbait egin beharra dagoela egindakoa konpontzeko. Azken finean, gizakiak gara eta harri berarekin topo egiten dugu behin eta berriro.

miércoles, 27 de febrero de 2013

Bizi Osasungarria


Gaur egungo gizartean dauden ohiturengatik, pertsona gehienek ez dute bizi osasungarririk eramaten. Eguna presaka gabiltza, dena arin egiten, kirola egiteko denbora ere ez dugu denok izaten, eta orain ditugun zabor janari jatetxeekin merke eta arin jan daiteke, eta ez da osasunarentzat oso onuragarria.

Horrexegatik hona hemen bizi osasungarri bat izateko hamar aholku lagungarri:

-Egin ariketa fisikoa lau aldiz astero, berrogei minutuz. Ez du edozein kirolek balio, egoera fisikoaren araberakoa izan behar da eta ahal izanez gero aerobiokoa, horrela osasun kardiobaskularra hobe daiteke.

-Jateko orduak erregulaturik izan. Gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko orduak erregulaturik izatea garrantzitsua da, horrela gure organismoa ohitu egiten da eta errazago funtzionatzen du.

-Jatekoa astiro murtxikatu. Digestio aparatuak lana gutxiago egin behar du, digestioa arinagoa izango da eta beraldia, azidotasuna eta digeritzean energia gehiegi gastatzea bezalako gaixotasunak ekidin daitezke.
 
-Behar beste fruta eta barazki jan behar dira. Egunean 600 gramo. Beharrezkoak ditugun bitamina, mineral eta antioxidante ematen dizkigute.

- Lau urteak bete eta gero, gantzen kontsumoa gutxitu eta kontrolatu behar da. Gehien bat esnekietan.
-Gantzak beharrezkoak dienez, hobe oliba olioa. Kalitate handieneko gantza da. Gatz-azido monosaturatu onuragarriak baititu osasunerako eta gainera bitamina eta antioxidanteak ematen dizkigu. 

-Astean hiru aldiz edo gehiagotan arraina jan. Beharrezkoa dugun Omega baitauka.

-Osasuntsuenak diren haragiak oilaskoa, indioilarra, untxia eta ostruka dira. Hainbat proteina baitituzte, eta alde batera uzten dituzte gantzak.

-Freskagarriak eta azukredun edariak. Kaloriak barneratzeko modu oso komuna da. Askok uste dute kaloria asko ez dituela, baina ez da horrela, gainera luzaroan jarraitzen badu obesitatea ekar dezake.

-Jateko eta dieta miragarririk ez da existitzen. Dieta bat hasi baino lehen hobe da lehenik medikuarekin kontsultatzea, baita gimnasioarekin, zuretzako plan jakin bat jartzeko.

Emandako hamar aholku hauek oso lagungarriak izan daitezke aurrez aipatutako gaur egungo bizimodua jasaten dutenentzako. Mediku askoren laguntzaz osoturiko aholku zerrenda da, beraz fidagarritasun handia dauka. Beraz, badakizue, bizi osasuntsu bat izateko zailak ez diren hamar pausu hauek jarraitzea besterik ez duzue.

martes, 25 de diciembre de 2012

Zorigaitzeko Misterioa

Bat-batean, laino ilun ugari hasi ziren sortzen edonon. Egiten ari nintzena egiteari utzi, eta leihotik begiratzera altxatu nintzen. Kalera begiratu bezain pronto, argi guztiak itzali ziren eta tximista baten argia baino ez zen ikusi.

Leihoa. Norbait ikusi nuen bertan islaturik, tximista argiz islaturik. Atzera begiratu nuen segidan, bertan ez zegoen inor ere. Nire gela izan zen ikusi nuen bakarra argiak berriro piztu zirenean.

Beldurraren beldurrez jarraian batu nituen Sherlock Holmesen etxean aurkitu nituen paper guztiak. Beldur nintzen ea norbait bila etorriko zen.

Eskuratu berri nituen paperen artean misterioak argitzeko bere sekretu guztiak zeuzkan idatziak eta, horien artean, misteriotsuki hildako bere maitaleari inoiz bidali ez zizkion gutunak. Oso baliotsua zen hau, eta behar ez zuen norbaiten eskutara heltzen baziren, frogarik utzi gabe, lapurtu, hil eta bizitzeko aukera izango lukeelako.
Beraz, kontu handiz erabili beharko nituen, paper hauetan idatzirik zegoena ondo gorde behar nuen.

Gau hartakoa, ahaztu gabe bulegora joan nintzen goizean goiz, beti bezala. Bertan Hebenaren laguntzaz, biok Sherlocken sekretua argitzen saiatuko ginen, eta horrela gure lana aurrera eraman ahalko genuke. Azkenean, gure bost urtetako lan gogorrak fruituak emango zituen.

Goiz osoa eman genuen irakurri eta irakurri, baina gauza handirik ezin izan genuen atera. Ez genion zentzurik aurkitzen, orri bakoitzean erabat ezberdina zen gai bati buruz hitz egiten baitzuen. Bazkal orduan Hebenak eta biok deskantsua hartzea erabaki genuen. Hebenak jarraitzeko animoak ematen zizkidan, berak ez zuen bost urtetako lana zaborretara bota nahi, aurrera jarraitu nahi zuen, eta nik ere berdina nahi nuela konturatu nintzen. Egun gutxi hauetan ezer ez aurkitzeagatik ez zuen esan nahi dena bukatu zenik, emaitza onak gogor lan egin ostean baitatoz.

Lanera berriro. Ezin genuen amore eman horrelako altxor miragarri bat aurkitu eta gero, bekatua izango litzateke. Erabakia hartua neukan jada, ez nioan berriro ahul bat bezala jokatzera eta ezin dut batekin segidan erreditzera, ez. Ni berri bat izango nintzen, ezeri beldurrik ez zion Ni bat.

Oraingo honetan, Hebenak gutunak irakurriko zituen banan-banan, ea arrasto misteriotsurik aurkitzen zuen, eta nik gaua gutunak irakurtzen pasatu nuenez, misterioak argitzeko sekretuak irakurtzen hasi nintzen. Irakurtzen nuen heinean ezaguna egiten zitzaidan irakurtzen ari nintzena, zerbaiten jarraipena zela iruditzen zitzaidan, baina ez nekien zehazki zerekin lotu.

Beste arratsalde bat eman genuen irakurri eta irakurri inongo erantzunik aurkitu gabe. Berandu egin zitzaigun, eta etxera joateko ordua zela erabaki genuen biok. Agurtu eta gero etxerako bideari ekin nion. Haize bolada bortitzak hasi ziren bat-batean, eta eskuetan neramatzan paperak kendu nahi zizkidala ematen zuen. Gogor eusten nituen baina gero eta bortitzagoak ziren haize boladak. Azkenean paperak bota zizkidan lurrera eta dena nahasirik utzi zidan. Batzen noala, zerbaitek ukitu izan banindu bezala sentitu nuen eta berriz paperak lurrera jausi zitzaizkidan, oraingoan nahas gabe.

Etxean nengoen jada, sofan eseri nintzen lasaialditxoa izateko. Paperak eskuetan hartu, eta ordenan jartzera noala, konturatu nintzen dataren arabera zeudela ordenaturik denak, harriturik geratu nintzen, nola ez zitzaigun ba bururatu horrelakorik. Susmo txarra hartu nion honi. Zerbait susmagarria gertatzen ari zitzaidan.

Hebena deitu gabe ordena horretan dena irakurtzen hasi nintzen, eta orain bazeukan denak zentzua, Shelock Homesek ez zuen batere erraz aurkitzeko moduan ezkutatu bere sekretua, ez horixe, ez zen ez tipo makala! Orain ulertzen nuen zergatik sekretuek zerbait gogorarazten zidaten, gau horretako isla, eta arratsalde horretako haize bolada bortitzak. Denak bazeukan bere misterioa.

Oin hotsak. Ate danbatekoa. Norbait zetorren niganantz, ni hiltzera. Eta nor? Sherlock zen nire bila etorri zena, bere sekretua aurkitu nuelako eta arriskuan egon zitekeelako. Hasiera batean ez nuen ulertu zergatik lagundu zidan sekretua deskubritzera, baina bai, orain banekien. Sekretua jakingo ez banu ez zeukan inolako arrazoirik ni hiltzeko, baina hau jakiterakoan, hobe ni hil bera arriskuan jartzea baino. Horregatik jarri zidan dena hain erraz, dena azkarrago egin ahal izateko.

Nire ordua heldu zen Sherlock, bizitza osoan mamu izan zen Sherlock, ni hiltzera zetorren, muturra behar ez nuen lekuan sartzearren. Baina ez zen nire errua guztiz, bera hain ospetsua izan ez balitz izenez eta herrialdez aldatzen joan ahalko litzateke misterioak argitzen inolako arazorik gabe, baina famak burua jan egin zion, eta hara nora noan ni orain.

Atzean nuen, bere presentzia susmatzen nuen neure atzean. Begiak itxi eta agur esan nion munduari, ezagutu nituen guztiei, egondako leku zoragarri guztiei, eta bizi izan nintzen arteko momentu zoriontsu guztiei. Labankada sumatu nuen bizkarrean, eta nola odola irteten zen. Lurrera jausi eta bertan geratu nintzen ezertarako balio gabe. Hilik.


jueves, 15 de noviembre de 2012

Trafikoaren aurka

Nik ez daukat kotxeen aurka ezer; bai, ordea, kale erdian eta sarrera-irteeretan txarto aparkatuta daudenen aurka.

Nor ez da inoiz errepide erdian aparkatuta dagoen kotxe batengatik itxaroten egon behar izan? Edota garaje aurrean kotxe bat aparkaturik izateagatik sartu edo irten ezinik geratu? Beti dago horrelakoren bat.

Denek diote "minututxo pare bategatik ez da ezer gertatuko kotxea hemen uzten badut, arin batean bueltatuko naiz..." Baina hori gehienek ez dute betetzen eta gainontzekoak itxaroten izaten dituzte. Amorebietan behintzat askotan gertatu ohi da. Baten baino gehiagotan lasai zauden batean, kalean oztopatutako kotxearen bozina hotsa, oztopatzen ari den kotxearen jabeari deika entzuten da behin eta berriro. Baita puntako orduetan, umeak eskolara eramaterakoan edo bila joatean, hainbat kotxe txarto aparkaturik egoten dira eta itxaronarazi egiten dute. Egia esan ez da oso atsegina.

Esandakoa ondorioztatuz, ikus daiteke kotxea txarto aparkatzeko ohitura handitzen doala. Udaltzaingoak bere lana hobeto egitea da arazo honen konponbide bakarra.

viernes, 9 de noviembre de 2012

Abortuaren alde


Abortuaren gaia pil-pilean egon da azken urte hauetan, eta oraindik ere badu garrantzia. Azkeneko erreforma egin zenean, 2010ean 14 aste baino lehen abortua baimenduta zegoen, baita fetuak anomaliaren bat bazeukan edo haurdun zegoena arriskuan balego abortua baimenduta zegoen. Gainera 14 eta 17 urte bitartekoek ez zuten gurasoen baimenik behar.

Orain berriz, Gallardon Justizia Ministroak legea aldatu nahi du. Ezingo da abortatu fetuak anomaliaren bat badu, osasuntsu dagoen fetuak beste babes merezi duelako. Eta gainera adingabekoek ere ezingo dute abortatu, beraien erruz gertatu denez edozein emakume heldu bezala tratatu behar direlako. Argi ikusten da ideia hau atzerapauso izugarria dela eta ezinezkoa iruditzen zait.

Urte osoan zehar badaude hainbat eta hainbat haurdunaldi, batzuk nahi izan direlako, eta beste batzuk, bestalde, ez. Bigarren kasuan, denok dakigu normalean ez dela gustukoa haurdunaldia aurrera eramatea eta abortua izateko aukera onura handia da. Imajina ezazu haurra mantentzeko behar beste diru ez duzula, edota anomaliaren bat izatea eta beraz karga bat suposatzea. Ez da hobe izango haurra ez izatea? Horrela denak hobeto ibiliko lirateke. Eta zer gertatuko litzateke adingabeko batek ama izan behar badu? Oraindik ez da guztiz heldua, ez da bere buruaren jabe eta ezin ditu dakartzan eraginak jasan. Beste era batera esanda, bere etorkizuna kalte dezake.

Beraz argi dago abortua izateko aukera mesedegarria dela horrelako arazoren bat izanez gero.

Badakit, bikotekideak antisorgailuak erabili beharra duela. Eta beraien errua ere bada txarto erabiltzeagatik edo ez erabiltzeagatik haurdun geratzea, baina gizakiak gara eta noiz edo noiz hanka sartzeak egiteko joera daukagu. Hanka sartze hau ez da txikia, beraz hobe ahalik eta arinen konpontzea, nahi bada noski.

Gallardonek egin nahi duena, lehen esan bezala, atzerapausoa da. Gizartea aurrera doa, geroz eta aurrerakuntza gehiago daude arlo guztietan, beraz zertarako nahi dugu horrelako atzerapausorik? Gizartearen helburua bizitza erraztea da denok aukera gehiago izan ditzagun bizitzan aurrera egiteko. Beraz, egin nahi duen honek ez dauka sentsu handirik, gizartearen aurka egingo balu bezala izango litzatekeelako.

Hau guztia ondorioztatuz, Gallardonen erreformaren aurka zerbait egin beharra dagoela uste dut, denon onerako izango baita eta aurrera egiten lagunduko digu, ez atzera honek nahi duen bezala.